Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Erroma
Atala: Gizartea

Gizarte esklabista

Gizarte erromatarraren ezaugarri nagusietariko bat, biztanleen arteko desberdintasunak izan ziren. Ikusgarriena gizon-emakume askeen eta esklaboen arteko bereizketa zen. Erromatarra bezalako gizarte esklabistan, esklaboa zen sistema ekonomikoaren oinarri.

Esklaboa

Legeek ez zituzten esklaboak pertsonatzat hartzen, saldu eta eros zitezkeen jabetza edo salgai bezala baizik.

Esklaboak, legez, ez zeukan inolako eskubiderik. Ezin zuen ezeren jabe izan edo oinordetzaz ezer jaso edo eman; legez, ezin zen ezkondu. Esklabo baten seme-alabak ez-legitimotzat hartzen ziren, aita gizon askea bazen ere. Jabeak esklaboa zigortu, kartzelatu edo hil zezakeen arrazoirik eman beharrik gabe, eta inolako kontrolik gabe. Esklabo batek ihes egitekotan, harrapatzean, markatu edo gurutziltza zezaketen. Esklaboren batek nagusia hiltzen bazuen, legeak nagusiaren esklabo guztiak hiltzeko eskatzen zuen (adibidez, Pedanius Secundus hil zutenean, epai baten bidez, haren laurehun esklabo hiltzeko agindua eman zen).

Esklaboek zeregin-mota ugari betetzen zuten; batez ere, nekazaritza-eremuetan, meategietan edota eraikuntzan egiten zituzten zeregin gogorrenak, eta etxeko lanez eta ardura handiagoko beste zeregin batzuez ere, arduratzen ziren (irakasleak, idazkariak…).

Nekazaritzan ari diren esklaboen irudikapena duen mosaikoa.
Etxeko lanetan ari diren esklaboen irudikapena duen margolana.
Mahatsa zapaltzen ari diren esklaboen irudikapena duen erliebea.

Esklaboak lortzeko ohiko bidea, gerrak ziren. Baina zorrak izateagatik edo epailearen erabakiz ere, esklabo bihur zitekeen. Nagusiek libre utz zezaketen eta batzuek askatasuna ere eros zezaketen, beren lana ondo egiteagatik irabazten zituzten eskupekoak aurreztuz. Askotan, jabeak, testamentuan, askatasuna ematen zion esklaboari eta orduan liberto bat izatera pasatzen zen, eta horren semeak erromatar herritarrak izango ziren. Emakume esklaboek emakume askeen zerbitzari lan egiten zuten, umeak zaintzen, ehule, laguntzaile edo etxeko lanak egiten... Asko prostituta gisa erabiltzen ziren.

12

Erantzun zure koadernoan.

Konpara ezazu Greziako eta Erromako esklaboen egoera; antzekotasunak eta aldeak azaldu.

Jainko potoloa! Haiek bai giza hondakinak. Jendeak zigorraren kolpeez larrua markatuta zeukan goitik behera; bizkarra orbainduta, estalita baino elkarri jositako zarpailez ilunduta zirudien; batzuek sabelpea zapi txiki batez baino ez zuten estaltzen; bekokian hizkiak zituzten grabatuta, burua ia guztiz kaskamotz, oinak uztaiekin lotuta; desitxuratuta, zurbil-zurbil ageri ziren, labeetako keak eta suaren lurrunak betazalak kiskali zizkien erdi itsu utzi arte.

Apuleyo, L. "L. Metamorfosia. K.o. II mendea"
13

Testu historikoa, deskribatzen den garaian bizi izandako idazle batek idatzitako testua da. Kontrako kasuan, testu historiografikoa da.

  • Zein mendetan bizi izan zen Luzio Apuleio?
  • Zer deskribatzen du “Metamorfosia” laneko zati honetan?
  • Testua, zure ustez, historikoa ala historiografikoa da?
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.