Gaiak
Prozedurak
|
Gaia: Lehenengo zibilizazioak
Atala: Egipto
Sinesmenak, idazketa eta zientziak
Sarkofagoak
Egiptoarrek, jainkoek gauza guztiak kontrolatzen eta zuzentzen zituztela uste zuten eta, horregatik, garrantzi handia ematen zioten erlijioari. Jainko eta jainkosa ugari zituzten, eta animalien ezaugarriak ematen zizkieten. Horiek, pertsonek zituzten beharrak ere bazituztela uste zuten eta, horregatik, janariak, edariak eta jaiak eskaintzen zizkieten harriz eraikitako tenpluetan. Apaizen eskuetan zeuden tenplu horiek. Betikotasuna lortzeko, heriotzaren ondotik, hildakoaren espiritua gorputzera itzultzen zela uste zuten. Horregatik, hildakoen gorpuak ustel ez zitezen momifikatu egiten zituzten; ondoren, sarkofago zeritzen hilkutxa moduko batzuetan sartu eta hil ondoko bizitzarako beharko zituzten gauza guztiekin batera, lurperatzen zituzten hilobietan. Lehenengo, Egiptoarrek hieroglifikoa deritzon idazketa-sistema bat asmatu zuten, eta sistema horretan, gauzak marrazkien bidez irudikatzen ziren. 800 ikur inguru zeuden. Gero, marrazkiei kontsonante baten soinuaren balioa eman zioten, 24 guztira. Gerora, gauzak errazteko eta idazketa-sistema azkarragoa sortzeko, idazketa hieratikoa edo sakratua, eta demotikoa edo herrikoia sortu zituzten; eta idazketa hieroglifikoa idatzi erlijiosoetan eta monumentuetako inskripzioetan baino ez zuten erabili. Papiroa erabiliz paper moduko bat egiten zuten eta tintaz idazten zuten horren gainean.
Idazkera hieroglifikoa
Idazkera hieratikoa
Idazkera demotikoa
Rosetta harria
Egiptoko Rosetta herritik hurbil, hiru alfabeto desberdin (hieroglifikoa, demotikoa eta grekoa) erabiliz garbatutako basaltozko harri bat aurkitzea -oinarrizkoa izan zen Egiptoko idazketa hieroglifikoa deszifratu ahal izateko. Rosettako harria (K.a. 196) Napoleonen armadaren soldaduek aurkitu zuten 1799an.
Zenbakiak
Zientzietako ezagutzak zentzu praktikoz erabili zituzten. Matematikan, kalkulua garatu zuten sistema hamartarra erabiliz. Ez zekiten bidertzen eta zatitzen, baina bidertzeko eta zatitzeko, batuketak eta kenketak erabiltzen zituzten. Azalerak eta bolumenak kalkulatzen ere bazekiten eta, mesopotamiarren antzera, hauek ere “pi” zenbakira hurbildu ziren, gutxi gorabeherako balio bat emanez.
Rhind-eko papiroa
Eguzkia oinarritzat hartuta, 365 eguneko egutegia asmatu zuten, eguna honela banatuz: hamabi ordu eguzki orduetarako eta hamabi ordu gaueko orduetarako.
Imhotep
Egiptoarrak medikuntzan nabarmendu ziren, batik bat, eta bertako medikuak famatuak izan ziren beste herri batzuetan ere. Gaixotasunak diagnostikatzen zituzten eta horietako askotarako tratamenduak zituzten. Sendabelar ugari erabiltzen zuten, eta gaixotasunak prebenitzeko eta ebakuntzetarako, higieneak garrantzi handia zuela konturatu ziren. |