Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Gizarteetako ekonomia-jarduerak
Atala: Biztanleriaren bilakaera historian zehar

Demografia joerak Espanian

Erromatarren garaian: Iberiar penintsulako biztanle kopurua oso txikia zen. Sei milioi lagun omen ziren guztira, eta, biztanleria-dentsitatea 10 biztanlekoa zen, kilometro koadroko.

Garai hartan, gunerik populatuenak Mediterraneo aldeko kostaldea eta eskualde betikoa (egungo Andaluzia) ziren. Jakinekoa denez, erromatarrek Bética deitzen zioten Andaluziari.

Mediterraneoko kostaldeko Ampurias hiriko aztarna erromatarrak

Erdi Aroko lehen mendeetan, musulmanen mendeko lurraldeek zuten biztanle kopururik handiena, eta hiri-aglomerazio handiak zeuden jada. Iparraldeko eremu kristauetako hiriak, aldiz, txikiak ziren.

Kordobako meskita

XI- XV. mendeetan: Erdi Aroaren bukaeran, Penintsulan, 5 milioi biztanle zeuden; izan ere, urte haietan, demografia-beherakada berebizikoa izan zen, gerren, izurri beltzaren eta goseteen ondorioz. XV. mendearen bukaeran, judu eta musulman asko kanporatu zituzten Penintsulatik: milioi erdi bat lagun, guztira.

XVI. mendean: Demografiak gora egin zuen, Amerikatik heldutako material preziatuek ekonomian eragin handia izan zutelako. Ekoizpena handitu egin zen, eta biztanleria ere bai. XVI. mendearen bukaeran, Espainian 8 milioi biztanle inguru zeuden.

Amerikaren aurkikuntza

XVII. mendean: XVII. mendeko krisia da ezaugarririk aipagarriena. Demografia murriztu egin zen, hiru arrazoi hauengatik:

  • 1609an, moriskoak kanporatu egin zituztelako
  • Gosete eta izurri ugari sortu zirelako. Hamar urtetik behin, gutxi gorabehera, izurri bat hedatzen zen.
  • Gaztelako biztanle asko Ameriketara joan zirelako.

XVIII. mendean: : Biztanle kopurua izugarri handitu zen. Mende hasieran, 7 milioi eta erdi biztanle zeuden guztira, eta amaieran 10 milioitik gora. Aurreko mendeko gizarte- eta ekonomia-krisia bete-betean gainditu ondoren, biztanle kopurua azkarrago hazi zen, arrazoi hauengatik:

  • Izurri nabarmenik gabeko mendea izan zelako. Izurri beltza desagertu eta higiene-baldintzak hobetu egin ziren.
  • Ameriketara joateko joera bertan behera geratu zelako.
  • Luberritze-politikak abiarazi zirelako. Ereiteko lur-azalerak ugaritu egin zirenez, elikagai eta ustiategi gehiago eskuratzeko aukera izan zuten.
  • Europarekiko merkataritza-harremanak hobetu egin zirelako. Izan ere, Europatik ekarritako aleek eragina izan zuten demografiaren gorakadan.
  • Jaiotzak suspertzeko politikak ezarri zirelako. Estatuak horrelako politikak bultzatu zituen, zerga-salbuespenak sortu…

XIX. mendean: Ezegonkortasuna handia izan zen. Mendean zehar, biztanleria bikoiztu egin zen, baina hazkundea ez zen izan berbera toki guztietan, hiru arrazoirengatik:

  • XVIII. mendean jaiotzak suspertzeko abiarazitako politikak bertan behera geratu zirelako.
  • Mendearen bigarren erditik aurrera, izurriak hedatzen hasi zirelako berriz: kolera, batik bat.
  • Frantziako zereal-inportazioek behera egin zutelako. Horrela, elikagai-eskaintza urritu egin zen.
Kolera izurritea

XX. mendean: 1900. urtean, Espainiak 18.600.000 biztanle zituen. 1936tik 1939ra bitarteko gerra zibilak berebiziko eragina izan zuen demografian: 300.000 bat lagun hil eta beste 300.000 inguru erbestera joan ziren. Kopuru horiei, gerra-garai guztietan gertatzen den bezala, jaio ez ziren umeak gehitu behar zaizkie. Landa-exodoak eta 50eko hamarkadako emigrazio europarrak eragindako migrazio-fluxuak zirela eta, lurraldeen arteko desorekak nabarmenak izan ziren.


Espainiako gerra zibila

1950-1960 hamarkadan: 50eko hamarkadaren bukaeran eta 60ko hamarkadan zehar, demografia-gertakari adierazgarria egokitu zen, hau da, milioi eta erdi espainiar inguru Europako zenbait herrialdetara (Frantziara, Alemaniara...) joan ziren lan bila.

1960-1975 urteetan:

  • Jaiotza-tasak gora egin zuen, elikadura eta osasuna hobetu ondoren.
  • Landa-exodo handiaren ondorioz, auzo marjinalak eta txabolak eraiki ziren hirietan.
  • Barne- eta kanpo-migrazioak.
  • 1970ean, Espainiak 34 milioi biztanle zituen.
Espainiako biztanleria (1857-2006).

1975-1990 urteetan:

  • 70eko hamarkadaren ezaugarri bereizgarria baby boom zelakoa (jaiotzen gorakada izugarria) izan zen.
  • 80ko hamarkadan, jaiotzen gorakada geratu egin zen, trantsizioa zela.
  • 90eko hamarkadak bizi-itxaropena handia (emakumeek 80 urtekoa) eta ugalkortasun-tasa txikia izan zituen ezaugarri.

XXI. mendearen hasieran:

Zahartze-prozesua hedatzeaz gain, immigrazioa eta, beraz, aniztasun etnikoa handitu egin ziren. Hazkunde-tasek ere gora egin zuten. 2008an, Espainiak 46 milioi biztanle baino gehiago zituen.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.