Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Zer gertatu zen euskal lurraldeetan?

Demografia eta gizartea

Pribilegiatuak: Nobleak eta kleroa

Berant Erdi Aroan, landa-munduko piramidearen gailurrean, ahaide nagusiak (handikiak) zeuden. Lur eta baserrien jabeak ziren, maiorazkoan oinarritutako sistemaren arabera. Beheraxeago, jauntxoak zeuden. Horiek ere itzal handia zuten gizartean, administrazioko langileak, jabe txikiak (ezkontzen bidez) edo elizgizonak zein milizietako kideak baitziren.

Aro Modernoan, ahaide nagusiek boterea galdu zuten landa-munduan; jauntxoek ez, ordea. Jauntxoen boterea, gainera, indartu egiten zen hirietan ere.

Euskal lurraldeetako biztanleen pribilegiorik garrantzitsuenetakoa honako hau zen: denak ziren kapareak (nobleak, beraz), legeen arabera. Ezaugarri horrek ondorio nabarmenak eragin zituen.

Lehenago aipatu dugunez, Espainiako nobleek ez zuten lanik egiten, errentetatik bizi baitziren. Hemen, berriz, lana eta noblezia ezaugarri bateragarriak zirenez, euskal ekonomia biziki suspertu zen. Bestalde, euskaldun emigratzaileek hainbat abantaila zituzten, kapareak zirelako: adibidez, zergarik ez ordaintzeko eta armadako eta administrazioko karguetan aritzeko eskubidea. Tituluak edo jabetzak oinordetzan hartzeko aukerarik ez zuten nobleek Elizako goi-karguak eskuratzen zituzten.

Ez-pribilegiatuak

Zergak ordaintzen zituzten. Honako bereizketa hau egin ohi zen:

  • Hirietakoak, hau da, merkataritzako eta industriako burgesia, artisauak, soldatapekoak eta jornalariak.
  • Landaguneetakoak, hau da, ekonomia autarkikoan oinarritzen ziren jabe txikiak edo maizterrak, burdinoletan edo ikatz begetala ekoizteko zereginetan aritzen zirenak. Bestalde, lurrik gabeko soldatapekoak zeuden, baserrietan bizi zirenak.

Gipuzkoan eta Bizkaian, emigrazioa etengabea izan zen, mendez mende. Maiorazkoan oinarritutako sistemaren ondorioz lurrak banatzerik ez zegoenez, seme ezkongabe askok emigratu egiten zuten, administrazioan edo armadan lana aurkitzeko asmoz. Horretarako, kaparetasunaz eta hartutako prestakuntza onaz baliatzen ziren.

35

XVI. mendeko gizartea kaparetasunarekin obsesionatuta zegoen. Baina ekonomiaren ikuspuntutik, zein alde izan zuen euskal lurraldeetan eman zen kaparetasun prozesuak?

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.