Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Tarteko Erdi Aroa

Monarkia feudala

Lehenago esan dugun bezala, Erdi Aroan, nobleziako kide guztiek mendekotasun-loturak ezarri zituzten elkarren artean. Berez, erregea guztien jauna zen, ez baitzen inoren basailua. Noblerik boteretsuenak (kondeak, dukeak eta markesak) erregearen basailuak ziren, eta baita Elizako goi-karguak (gotzainak eta abadeak) ere. Horiek guztiak, bestalde, zaldunen eta kapareen jaunak ziren. Kapareak ere nobleziakoak ziren, baina askoz ere botere txikiagoa zuten.

Harreman-sare konplexu horien jatorria lurraldeak konkistatzeko eta babesteko asmoa izan zen. Erregeak, batzuetan, kanpaina militarrak bukatu ondoren, lagundu zioten nobleei konkistatutako lurren zati bat ematen zien. Beste batzuetan, urrutiko edo mugaldeetako eremuak hobeto gobernatzeko, funtzionario bat bidaltzen zuen (gehienetan, konde, duke edo markes bat), erregearen ordezko agintari izendatu ondoren. Dena den, erregeek bidalitako funtzionario askok beren kasa jarduten zuten, eta, azkenean, jaun eta jabe bihurtzen ziren.

Monarkia feudalaren ezaugarri nagusietako bat honako hau zen: erregearen ahultasuna goi-nobleziaren aurrean. Izatez, nobleak erregearen basailuak ziren, eta obedientzia eta leialtasuna zor zizkioten, baina, egoera oso bestelakoa zen, noble batzuk erregea baino aberatsagoak eta boteretsuagoak (soldadu gehiago zituztelako) baitziren. Ondorioz, erregeak, askotan, nobleek nahi eta esaten zutena egiten zuen.

Jaime I.a Aragoiko Gorteetan

Gainera, erregearen boterea Gorteek behatzen zuten. Monarkia feudalari lotutako instituzio bereizgarri hori goi-nobleziako kideek eta Elizako agintaririk gorenek osatzen zuten. Hasieran, aholkularitza-funtzioa besterik ez zegokien arren, gero eta funtzio gehiago hartu zituzten: legeak eta zergak ezartzea, erreklutamenduak onartzea etab. Gizarte talde pribilegiatuetako kideek erregearen agintea mugatzeko erabili zituzten Gorteak.

Tarteko Erdi Aroan, hirien susperraldiaren ondorioz, hiribildu eta hirietako ordezkariak (prokuradoreak) ere Gorteetan parte hartzen hasi ziren. Gorteek ustez biztanle guztiak ordezkatzen zituzten arren, bistakoa da nekazarien eta hiritar arrunten (artisau eta merkatarien) interesak ez zituela inork ere babesten.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.