Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Tarteko Erdi Aroa
Atala: Feudoa. Gune sozio-ekonomikoa

Nekazaritza, ekonomiaren oinarria

Nekazaritza lanak

Erromatar Inperioaren nagusitasuna bukatu ondoren, Europako mendebaldean hirien nagusitasuna gainbeheran erori eta landa-giroa hedatzen hasi zen. Horrela, Goiz Erdi Aroan, hiri-jarduera bereizgarriak (artisautza eta merkataritza) ia erabat desagertu ziren, trukeak gauzatzea oso zaila baitzen, segurtasun-faltaren ondorioz. Gauzak horrela, bakoitzak behar zuen guztia ekoizteko joera indartu egin zen, eta, lehenago adierazi dugun moduan, feudoak gizarte- eta ekonomia-bizitzaren ardatz bihurtu ziren. Autohornikuntza zen helburu nagusia.

Erdi Aro osoan, ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza (estentsiboa, gehienbat) izan zen. Nahiko uzta txikiak biltzen zituzten, lanabesak bakunak zirelako. Bestalde, lurrak ez zirenez ongarritzen, etekin handirik ez lortzeaz gain, bi urteko txandakatze-sistema erabili behar izaten zuten. Hau da, bi lur-eremu ezarri eta, horietako bakoitza, txandaka, urtebetez landu eta urtebetez lugorri uzten zuten, eraberritzeko. Ikusten denez, naturaren mende zeuden, bete-betean.

“Elikagai-urritasunaren arrazoi nagusiak nekazaritza-teknika bakunak ziren. Ia lanabes guztiak zurezkoak ziren, eta lurrik arinenetan eta lehorrenetan besterik ezin ziren erabili. Horrela, baso eta zingira izugarriak sortzen ziren edonon, eta nekazariak, aldiz, soilgune txikietan pilatuta bizi ziren. Baina soilgune horiek ere ez zituzten osorik lantzen, ongarririk ez zutenez erabiltzen, bi urtetik behin edo sarriago, eremuak lugorri utzi behar izaten zirelako. Lur txiki haietan ere etekinak urriak ziren. Beraz, uztak inoiz ez zituen behar guztiak asetzen. Arazo horiei guztiei eguraldi txarra gehitzen zitzaienean, goseteak sortzen ziren maiz.

Jendeak hamaika konponbide hautatzen zuen, goseak ez egoteko: eskean ibiltzea, familiaren jabetzak saltzea edo bahian ematea... Beste aukera nekazaritza-lanak ugaritzea zen, alegia, luberri gehiago prestatzea eta lantzea.”

P. Bonnassie. Erdi Aroko oinarrizko hiztegia (moldatua)

20

Erantzun zure koadernoan

  • Zein da ondoko terminoen esanahia: argiune, etxaldea eta lugorria?

  • Adierazi, testuaren arabera, zein ziren elikagai-urritasunaren arrazoiak.

Aldian-aldian, 15 edo 20 urtetik behin, elikagai-eskasia handiak eta, ondorioz, goseteak sortzen eta hedatzen ziren. Dokumentu historikoek VI. eta XI. mendeetako biztanleek pairatutako oinaze latzen berri ematen digute. Ildo horretan, ekar ditzagun gogora Pierre Bonnassie historialariak jasotako adibide batzuk:

  • 793an, elkarren gorozkiak jaten zituzten, eta giza haragia ere bai”.
  • 1005ean, zenbait tokitan, animalia nazkagarriak eta sugeak ez ezik, giza haragia ere jaten zuten”.
21

Erantzun zure koadernoan

  • Dokumentu historikoetan irakurtzen ditugun datuak sinesgarriak direla uste al duzu edo, aitzitik, batzuetan gehiegikeriak esaten direla?

Nekazaritza lanak

Labore nagusiak zerealak ziren, eta ogia, oinarrizko elikagaia, egiteko erabiltzen zituzten. Era berean, lekaleak (txitxirioak, lekak etab.), mahastiak eta baratzeko fruituak (tipulak, letxugak, azak, frutak...) landatzen zituzten. Lihoaren laborantza ere nahiko hedatuta zegoen, oihalak egiteko erabiltzen baitzen.

Uztak ugariagoak izateko, sail berriak luberritzen eta landatzen zituzten. XII. mendetik aurrera, teknologiak hobetu eta aurreratu egin ziren, pixkanaka. Hona hemen adibide batzuk:

Egutegia
  • Belarridun goldearekin zulo sakonagoak egin zitezkeen, eta lurra hobeto aireztatzen zen. Horri esker, sailak lugorri uzteko beharra murriztu egin zen.
  • Lepoko zurrunaren ordez biguna hasi ziren erabiltzen abereak gurdiari edo goldeari lotzeko, eta, horrela, animaliek bost aldiz indar handiagoa izateko.
  • Idien ordez zaldia ferratuez baliatzen hasia ere berebiziko aurrerapausoa izan zen, zaldiak idiak baino azkarragoak eta indartsuagoak baitira.
  • Ureztatzeko teknikak hobetu eta labore berriak sartu ziren.
  • Metalurgiaren alorrean izandako berrikuntzei (esate baterako, energia hidraulikoaren hedapenari) esker, nekazariak burdinazko lanabesak hasi ziren erabiltzen, zurezko tresna zaharren ordez.

Inguru askotan, hiru urteko txandakatze-sistema ezarri zen: neguko zereala (garia), udaberriko zereala (garagarra edo oloa), lekadunak edo animalientzako bazka-laboreak txandaka landatu, eta, gero, eremua lugorri uzten zuten. Hiru urteko sistemaren abantailak begien bistakoak dira:

  • Naturaren gorabeheren ondorioz uzta txarrak izateko arriskua murriztu egin zen, neguan eta udaberrian ereiten zutenez, uzta bat galdu arren, bestean zerbait bil baitzezaketen.
  • Nekazarien lana hobeto banatzen zen urte osoan zehar.
  • Labore motak ugaritu egin zirenez, jendea egokiago elikatzen zen.
  • Bazka-laboreak landatzeari ekin ondoren, abeltzaintza ere hobetu egin zen, eta abereak nekazaritzarako ongarri gehiago ematen hasi ziren.

Esanak esan, XVIII. mendera arte, etekinek lurraren kalitatearen araberakoak eta ekoizpenek sailen azaleraren araberakoak izaten jarraitu zuten.

XII. mendetik aurrera, teknologiak hobetu eta aurreratu egin ziren, pixkanaka. Belarridun goldearekin zulo sakonagoak egin zitezkeen eta lurra hobeto aireztatzen zen. Horri esker, sailak lugorri uzteko beharra murriztu egin zen. Lepoko zurrunaren ordez, biguna hasi ziren erabiltzen abereak gurdiari edo goldeari lotzeko, eta, horrela, animaliek bost aldiz indar handiagoa izateko. Idien ordez zaldia ferratuez baliatzen hasia ere berebiziko aurrerapausoa izan zen, zaldiak idiak baino azkarragoak eta indartsuagoak baitira. Baina zaldiak elikatzea garestiagoa zen, eta oloa, garagarra edo bestelako bazka-laboreak landatu behar izaten zituzten. Gainera, zaldiak lehenago hiltzen dira. Ureztatzeko teknikak hobetu eta labore berriak sartu zituzten. Metalurgiaren alorrean izandako berrikuntzei (esate baterako, energia hidraulikoaren hedapenari) esker, nekazariak burdinazko lanabesak hasi ziren erabiltzen, zurezko tresna zaharren ordez. Inguru askotan, hiru urteko txandakatze-sistema ezarri zen: neguko zereala (garia), udaberriko zereala (garagarra edo oloa), lekadunak edo animalientzako bazka-laboreak txandaka landatu, eta, gero, eremua lugorri uzten zuten. Hobekuntzak gorabehera, luberriek baliabiderik eraginkorrena izaten jarraitu zuten.

22

Erantzun zure koadernoan

  • Hiru urteko txandakatze-sistemak nolako hobekuntzak ekarri zituen urte osoko nekazaritzako jardueretan? Eta nola hobetu zuen elikadura-dieta?

  • Hiru urteko txandakatze-sistemak abeltzaintzaren integrazioa sustatu zuen. Zergatik ez zuen aukera hori eskaintzen bi urteko txandakatze-sistemak?
  • Aztertu hiru urteko txandakatze-sistema irudikatzen duen grafikoa. Zein labore sartu ondoren uzten dira lurrak lugorrian? Zergatik?
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.