Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Zer gertatu zen euskal lurraldeetan?

Foru-sistema

Foru hitzak hiri eta hiribilduen fundazio-agiriekin du zerikusia. Izan ere, landa-eremuetan sortzen ziren biztanleriagune berriei forua edo hiri-gutuna ematen zien erregeak, bertara bizitzera joaten zirenek pribilegioak izan zitzaten.

Baina foru-erregimena beste kontu bat da, lege multzoa hartzen duelako barne. Tokian tokiko usadio eta ohituretan oinarritutako arauak ziren, jatorriz, eta Iberiar penintsulan Erdi Arotik aurrera hasi ziren ezartzen. Ohituraren eta erabileraren poderioz, arau horiek lege bihurtu ziren, denek errespetatzen zituztelako.

Biztanleen bizimodua eta goi-agintariekiko harremanak arautzen zituzten. Berez, ez zegoen ordezkaritza-sistema demokratikorik, baina gizartea ordezkatuta zegoen, nola edo hala. Nafarroan, Gorte Nagusiak zituzten, eta Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, Batzar Nagusiak. Horietan guztietan, biztanleriaguneetako ordezkariak, lurralde bakoitzean era jakin batean aukeratuak, elkartzen ziren. Administrazio-legeak onartzeaz gain, zergak ezartzen eta erakundeen artean banatzen zituzten. Urtean behin edo birritan elkartzen ziren. Gorte eta Batzar Nagusien bilerak gerora sortutako erakunde iraunkorren, Aldundien, iturburuak izan ziren.

Filipe V.aren erregealdian zehar (1700-1746), hainbat tokitako foruak indargabetu zituzten: adibidez, Aragoiko koroakoak. Euskal lurraldeetakoak bere horretan utzi zituzten, eta, gaur egun ere foru-sistema duten autonomia-erkidego bakarrak EAE eta Nafarroa dira.

Fernando “Katolikoa” erregearen eskumuinak

Egungo Nafarroako Foru Erkidegoak bere moneta-sistema zuen, eta Espainiarekiko aduanak ere bai, mugetan. Izan ere, 1841ean utzi zion erresuma izateari, karlisten 1839ko porrotaren ondorioz. Nafarroako foruek indarrean diraute oraindik, 1978ko Konstituzioak onartu egin baitzituen.

EAEn, Nafarroako Foru Erkidegoan bezala, 1876ko uztailaren 21eko legeak foruak indargabetu zituen, zerga-berezitasunak izan ezik. Gerora, 1936ko Estatutuaren ondorioz, foru-arau batzuk berreskuratu egin ziren, eta, azkenik, 1978ko konstituzioak eskubide historikotzat jo zituen.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.