Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Erdi aroaren hasiera: Mediterraneoko batasunaren bukaera
Atala: Erresuma kristauak

Erresuma kristauak

Covadongako harpea

Musulmanak Penintsulan sartu ondoren, biztanle gehienek (muladi edo mozarabiarrek) lehengo tokietan bizitzen jarraitu zuten, baina batzuk, antzinako noblezia bisigodoa buru zela, iparraldeko eskualde menditsuetara joan ziren, musulmanen aginte-eremutik alde egiteko.

Eskualde haietako bat egungo Kantabrian eta Asturiasen zegoen. Erraz babesteko eta erasoak ongi antolatzeko moduko esparrua zen.

Don Pelayo Jaunaren estatua

Denboraren poderioz, Pelaio izeneko noble bisigodoak musulmanen kontrako lehen garaipenak lortu zituen, bere agindupeko kristau taldea zuzenduz.

VIII. mendearen bigarren erdirako, Asturiasko erresuma sortuta omen zegoen jadanik. Bertako lehen erregea beste noble bisigodo bat izan zen: Alfontso I.a, hain zuzen. Alfontso I.aren erregealdian (739-757) zehar, espedizio ugari —eta oso arrakastatsuak— antolatu ziren. Biztanle musulmanak hegoalderantz abiatu zirenez, Duero harana despopulatuta geratu zen.

Alfontso II.aren (791-842), erregealdian, Oviedo Asturiasko erresumaren hiriburu bihurtu zen. Nahiz eta tropa musulmanek hiriburua behin eta berriz arpilatu eta suntsitu, kristauen nagusitasuna Galiziaraino, ustez Santiago Apostoluaren gorpua aurkitu zuten guneraino, iritsi zen.

Asturiaseko Erresuma

IX. mendean zehar, Al Andalus ahulduta eta barne-krisian murgilduta zegoela, Asturiasko erresumak Kantauriar Mendikatearen eta Duero ibaiaren arteko eremua hartu zuen mende. Lurralde hori zorrotzago zaintzeko, Leon Erresumako hiriburu izendatzea erabaki zuen. Era berean, birpopulatze-prozesuari ekin zitzaion. Antzinako zenbait erromatar hiri (Oporto, Astorga etab.) berreraiki eta hiri berriak (Burgos, Toro, Zamora...) eraiki zituzten. Abantaila ugari zituztenez, hiriak berehala populatu ziren, eta, besteak beste, musulmanen eraginpeko eremuetatik ihes egindako mozarabiarrak iritsi ziren.

Alfontso III.a (848-910) hil ondoren, Asturiasko erresuma hiru semeen artean banatu zen. Leon, Araba eta Gaztela Gartziaren esku geratu ziren. Horrela, Leongo erresuma sortu zen, Penintsularen iparraldean nagusi izaten jarraitu zuena.

Almanzorren kanpaina militarrak
Iberiar Penintsula

Gerora, hainbat erregek Duero harana azkarrago birpopulatzeko neurriak hartu zituzten, hiri berriak oinarrizkoak baitziren Erresumaren hegoaldeko muga babesteko. Hala ere, Abd ar Rahman III.aren (891-961) kalifaldian, Al Andalusek krisia gainditu eta inoizko garairik oparoenari eman zion hasiera. Eraso musulmanen (bereziki, Almanzor buru izan zutenen) ondorioz, birpopulatze-prozesua moteldu egin zen. Azkenik, Leongo erregeek amore eman, musulmanen nagusitasun politiko eta militarra aitortu eta musulmanek ezarritako derrigorrezko zergak ordaintzeari ekin zioten.

Gaztelako Koroa

Musulmanen eraso gehienen helburuak mugak izaten ziren. Hobeto babesteko, lurraldean konderri txikiak eratu eta gaztelu ugari eraiki zituzten. Horietako bat Gaztelako konderria zen, Dueroko goi-haranean kokatua. Bertako biztanle gehienak baskoiak eta kantabriarrak ziren.

X. mendearen bukaeran, Fernando Gonzalezen kondetza-garaian, Gaztela izugarri garatu zen. Gortetik urrun zegoenez, nahiko autonomia handia zuten gobernu-kontuetan. Gerora, Nafarroako erresumari lotuta geratu zen.

Antso III.a Nagusia 1035ean hil zen, eta konderria bere seme Fernando I.aren esku geratu zen. Errege izendatu zuten. Bi mende geroago, Fernando III.a Santuaren erregealdian, Gaztela eta Leongo erresumek bat egin zuten.


31

Zure koadernoan erantzuteko:

  • Bilatu hiztegian eta azaldu konderri terminoaren esanahia.

33

Zure koadernoan erantzuteko:

  • Gaztela izena Menako haraneko birpopulatzeari buruzko dokumentu batean ageri da lehen aldiz. Non dago haran hori?

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.